BATEK DAKI ITSASOAK EGIXE DINOEN

2007-12-09

Astialdia eta aisialdia


Lehenik eta behin astialdia eta aisialdiaren arteko ezberdintasunak aipatu beharko genituzke.
- Aisialdia: Eguneroko betebeharretatik kanpo geratzen den denbora, denbora librea. Denbora hori nola antolatu, nola erabili, norberak erabakiko du. Jarduera mota asko sartuko dira beraz aukera honetan.
- Astialdia: Hezitzailea den helburu bat eskuratzeari begira erabiltzen den denbora. Helburu hori lortzeko jarduera ezberdinak burutuko dira.

Gazteok Aisialdirako ESKUBIDEA daukagu (eguneroko jardueretaz landa, disfrutatu edo bizi dezakegun denbora tartea) eta kontuan izan behar da gazteen artean eskubide horretaz gozatzeko kolektibo zein talde ezberdinek dituzten mugapenak, hala nola, emakume gazteek, etorkin gazteek.....

Astialdiak eta aisialdiak edozein gizabanakoren bizitzan toki oso garrantzitsua betetzen du. Gaztearen bizitzan, are eta garrantzitsuagoa bihurtzen da, aisialdiak eta astialdiak gaztearen garapenean betetzen dituzten funtzioengatik. Astialdiko ekintzen bidez, elkar harremantzako eta ezagutzeko aukera dugu.

Astialdia, gaztearen heziketa prozesuan nahita nahizko esparrua da, aisialdiaren bidez, gauza gehiago ezagutu, sormena garatu, norberaren abileziak garatu edo ingurunea hobeto ezagutzeko aukera baitugu. Astialdiaren bidez maila guztietan gure garapena ahalbidetuko duten baloreak jaso eta garatzen ditugu. Astialdiaren bidez gure autonomia eta askatasuna lantzen dugu. Astialdiaren bidez, atsedena hartzeko aukera dugu, erritmo lasaiagoan aritzeko aukera, hain zuzen ere. Eta nola ez, aisialdiko ekintzen bidez, gustuko duguna egiteko aukera ia bakarra dugu; gozatzeko aukera, alegia.

Beraz, astialdiari eta aisialdiari ezin zaizkio baldintzapenik jarri; aitzitik, aisialdirako eta astialdirako eskubidea bermatu beharrekoak dira.
Orain dela hamarkada gutxi arte, aisialdiak ez zuen gaur egun duen garrantzia. Ez zen jendarte osoaren eskubide moduan hartzen eta soilik gutxi batzuek zeukaten horretarako aukera. Urteak aurrera joan ahala, aisialdia denon eskubide izatera igaro da.
Astialdia eta aisialdia gure nortasunen garapenerako eta harremanetan sakontzeko ezinbestekoak dira. Eguneroko lana edo ikasketen gainetik, zenbatek gozatzen dute gustuko lana egiten edo zenbatek gogoko dute ikasten dihardutena? Aisialdiak zerbait ezberdina egiteko aukera eta are garrantzitsuagoa dena, benetan gustuko duguna egiteko aukera ematen digu.